Logotipo TwitterLogotipo Instagram

Bideokonferentziak: alternatiba seguruak

Bideokonferentzia egiteko baliabideek garrantzia hartu dute azken aldian, kasu askotan, egoerak behartuta.

 

Bidekonferentzia audioaren eta bideoaren bidez ematen den zuzeneko komunikazioa da. Baliabide hauek aukera ematen dute elkarrengandik urrun dauden pertsona-taldeak elkartzeko. Gainera, mota askotako aukerak eskaintzen dituzte, hala nola grafikoak trukatzea, irudi finkoak, fitxategiak ordenagailutik transmititzea, etab.

 

Erraztasuna eskaintzen dute egoera arrunt batean elkartzeko zaila izango genukeen jendearekin elkartzeko, izan ere, nahikoa baita ordenagailu edo mugikor bat eta internet sarea edukitzea. Horregatik, edonorekin elkartzeko aukera eskaintzen dute, etxetik atera behar izan gabe. Alternatiba beharrezkoak bilakatu dira covid-19aren ondorioz ikasleen ikaskuntza prozesua ez eteteko, horrela, hezkuntza zentro askotan bideokonferentziak erabili dituzte ikasgaiak landu edo ikasleekin hartu-eman eraginkorrena mantentzeko.

 

Seguru zuetako askok bideokonferentziak egiteko baliabide desberdinak erabili dituzuela, kasu gehienetan irakasle edo heldu batek eskainitakoak, baina bestetan seguru zuek ezagutzen zenituzten beste baliabide batzuk erabili dituzuela. Kasu honetan ere, gure pribatutasuna gehiago edo gutxiago errespetatzen duten baliabideak aurki ditzakegu.

 

Horregatik, jarraian, alternatiba desberdin batzuk aztertuko ditugu.

Bideokonferentzien alternatiba seguruak

Jitsi meet

Jitsi bideokonferentziak egiteko aukera eskaintzen duen software libre eta kode irekiko baliabide bat da. Bertan aritzeko ez da konturik sortu behar, nahikoa da bilera-gela bat sortu eta esteka partekatzearekin. Oso erraza da erabiltzen eta doako erabilera komunitarioa ahalbideratzen du.

BigBlueButton

BigBlueButton on line ikaskuntzarako kode irekiko web konferentzia aukera interesgarri bat da. Honek, beste pertsonekin momentuan bertan audio, bideo, diapositiba, arbel, txat eta pantaila-irudien trukea egitea eskaintzen du. Hitzaldietara euren web kamerekin batzeko aukera ere ematen die parte-hartzaileei, eta baita gonbidatutako hizlariak gonbidatzeko ere. Gainera, erabiltzaileak bi modutan sar daitezke hitzaldira: ikusle edo moderatzaile bezala.

Talk

Talk txat pribatua da, eta muturreko elkarrizketa zifratuak eskaintzen dizkie erabiltzaileei, bai testuari, bai ahotsari eta bideoari dagokienez, komunikazioetan ahalik eta pribatutasun handiena bermatzeko. Talk erabili ahal izateko, ez da beharrezkoa saioa ezein plataformatan hastea, ezta modulurik deskargatu eta instalatzea ere. Baldintza bakarrak zerbitzaria Nextcloud 13 edo handiagoa izan behar dela (nexcloud dropbox antzekoa da) eta aplikazioa gaituta egon behar dela da.

Mumble

Mumble audio konferentzietarako tresna libre bat da. Software hau erabiltzeko bezeroa instalatu ohi da, baina web bitartez ere erabil daiteke. Erabiltzaileak beraiek nahi duten moduan identifika daitezke eta zerbitzariak bisitarien baimenak mugatu ditzake. Elkarrizketa-talde desberdinetan sarrerak murriztu daitezke pasahitza bidez. Konfigurazio interfaze oso sinplea du, eta ingeniaritza ahalegin handiena bere soinua kalitate handian eta latentzia baxuan dago.