Logotipo TwitterLogotipo Instagram

Datu babesaren legeen bilakaera

Aurreko argitalpen batzuetan, korporazio teknologikoek gure datuei buruz egiten duten erabileraren inguruan hitz egin izan dugu. Baina zer dio legeak horren inguruan? Zein araudik finkatzen dute datu pertsonalen inguruko trataera?

 

Urteetan zehar, datuak babesteko legeak aldatuz joan dira, baita errege-dekretuekin osatuz ere. Horregatik, lege horien bilakaera zein izan den eta une honetan indarrean daudenak zeintzuk diren argitzera gatozkizue gaur. 

  • 1999an Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoa onartu zen. Hau datu babeserako lehendabiziko legea izan zen eta datu pertsonalen tratamenduari dagokionez honen helburua hau zen: askatasun publikoak bermatzea eta babestea, baita pertsona fisikoen oinarrizko eskubideak ere, eta, bereziki, haien ohorea, intimitatea, pribatutasun pertsonala eta familia-pribatutasuna. Aurrerago ikusiko dugun bezala, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoarengatik indargabetu egin zen.
  • 2007an 1720/2007 Errege Dekretua onartu zen. Aurreko legea garatu zuen, berrikuntza ekarriz. Errege Dekretu honek automatizatu gabeko tratamenduei (papera) aplikatu beharreko segurtasun-neurriak ere arautzen zituen, lehen ez bezala. Eta gainera, erregelamenduaren zatirik garrantzitsuenetako bat VIII. titulua zen ( 79. artikulutik 114. artikulura), datuen tratamenduko segurtasun-neurriak deskribatzen baitzutuen, tratamendu horiek automatizatuak izan edo ez.
  • 2016an Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra onartu zen Europan, aurreko bi araudiak zaharkitu zituena. Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako erregelamendua da. Eta honek, aipatu bezala, Datu Pertsonalak Babesteko 1999ko Lege Organikoa zaharkituta utzi zuen.
  • 2018an Eskubide Digitalen Garantiak eta Datuak Babesteko Lege Organikoa onartu zen Europak finkatutako araudia egokitzen zuena. Horrela, hasieran indarrean zeuden bi araudiak bertan behera geratu ziren (nahiz eta oraindik zenbait jarduera erregulatzeko baliatzen diren).⠀