Logotipo TwitterLogotipo Instagram

Fake news

Seguru entzun duzuela noizbait albiste faltsuen inguruan, eta seguru eskuartean mota honetako albisteak ere jaso dituzuela. Argitalpen honetan, albiste faltsuak zer diren ikusiko dugu eta, honekin batera, albiste faltsuak nola identifikatu ditzakegun aztertuko dugu, benetako albisteengandik zer bereizten dien identifikatuz. 

Zer dira Fake news-ak?

Albiste faltsuak edo Fake news-ak jendea desinformatzea, engainatzea eta manipulatzea helburu duten, eta sarean zabaltzen diren albisteak dira. Bere helburua argia da: jendea nahastea, erabaki pertsonaletan eragitea edo, are gehiago, etekinen bat lortzeko mekanismo gisa erabiltzea.

Albiste mota hauen difusio maila oso handia da, batez ere, sare sozialei eta mezularitza zuzeneko aplikazioei esker, non albisteak abiadura azkarrean trukatzen eta zabaltzen diren. Horrela, denbora gutxian, albiste faltsu bat milaka pertsonen gailu teknologikoetara iristen da inongo esfortzurik egin behar izan gabe.

Kasu batzuetan, fake news-ak propaganda modu bat bezala ere erabili daitezke eta, batzuetan, hedabide handi eta ezagunenetara iristeko modua aurki dezakete (mainstream).

Claire Wardlek, fake news-etan espezialista denak, “informazio kutsatzaile” bezala definitzen ditu. Hiru mota bereizten ditu:

  • Mis-informazioa: Online agertzen den eduki kaltegarririk gabeko informazio faltsua.
  • Des-informazioa: Asmo kaltegarri baterako sortu eta partekatzen den informazio faltsua.
  • Mal-informazioa: Kaltea eragiteko asmoz, benetako informazioa partekatzea.

Zein ondorio eragiten dituzte? 

Batetik, desinformazioarena. Frogaturik ez dauden albisteen zabalkundeak desinformazio egoera bat eragiten du gizartean, guztiz egiazkoak ez diren albisteez inguraturik ikusten dituztelako euren buruak.

Bestetik, malwareen infekzioa eta datuen lapurreta ere gertatu daiteke. Albiste faltsu bat irakurtzeko, normalean, ezagutzen ez dugun web-orrialde edo esteka batera sartu behar izaten dugu eta bertan hainbat eskakizun onartu behar izaten dira, edota kontu bat sortu. Hori nahikoa izaten da malwareen bidez gure ordenagailu edo mugikorrak infektatzeko edota datu pertsonalak lapurtzeko.

Gure osasunean ere ondorio larriak izan ditzakete albiste faltsuek, izan ere, kasu askotan, osasun tratamenduei buruzkoak izaten dira albiste hauek. Horrela, inongo osasun ziurtagiririk ez duten tratamenduak baliatzen baditugu, arriskuan jar dezakegu gure burua.

Enpresa, erakunde edota pertsona desberdinen ospea ere kolokan jarri dezakete fake news-ek. Zer gertatuko litzateke enpresa bati buruzko albiste txar bat sarean zabalduko balitz? Seguraski bezeroek enpresa horrekiko zuten konfiantza guztiz galduko litzatekeela, baina albiste hori gezurra balitz? Albiste faltsuak kontutan hartu beharreko albisteak dira eta ondorio desberdinak eragin ditzakete. Hauteskundeetako emaitzak guztiz baldintzatu dezakete albiste faltsuek.

Orduan, zer egin dezakegu albiste bat faltsua den jakiteko? Kasu honetan, ikertzaile batek egiten duen bezala, zenbait puntu aztertu beharko ditugu eta galdera desberdinak egin beharko dizkiogu geure buruari. Galdera kritikoak egin kontsumitzen duzun edozein albisteren inguruan, batez ere gehiegizkoa edo egia izateko onegia iruditzen bazaizu. Azkenean, errealak edo faltsuak diren albisteak zeintzuk diren egiaztatu nahiko duzu, bereziki zure familiarekin edo lagunekin albiste bat partekatu nahi baduzu.

  • Iturria begiratu. Zein webgunetik dator? Zein da webgune honen asmoa? Ze ospe mota dauka webgune honek? Bere URLa segurua al da?
  • Izenburua baino haratago joan. Ez geratu izenburuarekin eta albistearen edukian murgildu.  Artikuluak esperientzia pertsonalik aipatzen du? Zein hitz mota erabiltzen dira? Ba al dago judizioetan oinarritutako hitzik (“gehiegizkoa”, “zentzugabea”, “sinestezina” eta antzeko terminoak)?
  • Formatua egiaztatu. Gaizki idatzita dago? Ortografia-akatsak ditu? Argazkiak eta irudiak kalitate txarrekoak al dira?
  • Autoreak egiaztatu. Errealak dira? Ba al dute esperientziarik arlo horretan? 
  • Argitaratze data egiaztatu. Noizkoa da albistea? Eguneratuta dago? Duela urte askotako albistea al da?
  • Albisteak aipatzen dituen iturriak aztertu. Ikerketa bati aipamena egiten badiote, egin klik aipamenean eta ikerketa irakurri. Lehen mailako iturriak erabiltzen ditu? 
  • Galdetu ea txantxetako albiste bat den. Txantxetako albiste bat da? Kritika umoretsu bat al da? Satira bat izan daiteke?

Ondorioz, albiste baten egiazkotasunari buruzko zalantzaren aurrean, ez partekatu. Ez bihurtu fake news sortzaileen peoi bat, eta saihestu mezu faltsua zabaltzeko erabiltzea. Albistea oso kezkagarria dirudien arren, hartu segundu batzuk zure kontaktuetara bidaltzea justifikatuta dagoen pentsatzeko. Sen ona erabili itzazu!