Logotipo TwitterLogotipo Instagram

Gailu digitalak: bizi zikloa

Gailu digitalak eskuragarri bilakatu ziren unetik asko handitu da horien erabilera gure artean, baita duten “boterea” ere. Baina nola fabrikatzen dira? zein prozesu jarraitzen dute?

 

Gailu digitalek, animaliek bezala, bizi ziklo bat jarraitzen dute, kasu honetan, sortu egiten dira, erabili egiten ditugu eta zabor bilakatzen ditugu. Hala ere, prozesu guzti honen atzean ere badaude ezagutuko ez zenituen hainbat aspektu. Gaurko honetan, gailu digitalek normalean izaten duten bizi zikloa zein den erakutsiko dizuegu, xehetasun desberdinak azaleratuz.

1. Lehengaiak ateratzea:

Gailu digital batek beirazko eta plastikozko piezak ditu, eta 30 metal desberdin inguru izan ditzake. Beraz, aluminioa, kobrea, silizioa, paladioa, kobaltoa, galioa, beruna, tantaloa, zilarra edo urrea bezalako milioika metal kantitate txiki behar dira. Plastikoak prozesu kimikoen bidez fabrikatzen dira, lehengai gisa petrolioa erabiliz. Metalak meatze-erauzketetan lortzen diren lehengaiak dira. 

 

Gure gailuek hainbeste pieza eta elementu izanda, nola lortzen da horien merkatuko prezioa horren altua ez izatea? Gailuen fabrikazioan, enpresek hauen prezioa jaisten saiatzen dira, eta, ondorioz, fabrikazio kostua murrizteko urratsak ematen dituzte. Modu honetan, enpresa teknologiko desberdinak, soldata altuak ordaindu behar ez dituzten herrialdeetan saiatzen dira euren produkzioa egiten, bertan dauden balibide materialak ere kontutan hartuz, mineral edota beste elementuei dagokionez. Adibide bezala, Kongo da koltan mineralaren erreserba handiena duen herrialdea, gailu teknologikoak osatzeko asko estimatzen den minerala, alegia. Herrialde txiroa izanda, gastu laborala ez da handia izaten.

2. Fabrikazio-prozesua:

Ordenagailu, tablet edo mugikorretarako hardwarea egiten duten enpresek beren zirkuitu eta aparatuen diseinuak egiten dituzten ingeniariak dituzte. Enpresa gehienek ezkutuan mantentzen dituzte beren diseinuak, konpetentziako enpresek informaziorik jaso ez dezaten. 

 

Ordenagailuen fabrikazioa prozesu konplexua da, eta enpresa batek ere ez du bere osotasunean egiten. Hau da, hardware elementu batzuk egiten dituzten enpresak daude, eta ordenagailuak pieza horietatik abiatuta eraikitzen dituzten enpresak daude bestetik.

 

Fabrikazio horien ekoizpen-kateetako lana muntaketa, soldadura, ebaluazioa eta osagaien kalitatearen kontrolarekin lotutako beste funtzio batzuk egitean datza. Prozesu horiek azkar egin behar dira, eta oso errepikakorrak dira.

 

Enpresa teknologikoek gailu berri bat kaleratu behar duten uneetan, lan-karga asko handitzen da fabriketako langileen artean. Adibidez, astean 73 ordutako lana egiten dute edota 30 egunez jarraian egiten dute lan, atseden egunik izan gabe.

3. Marketina eta salmenta:

Gutxitan izaten dituzte enpresa teknologikoek zuzeneko salmentarako guneak, horren ordez gailu digitalak bitarteko enpresetan banatzen eta biltegiratzen dituzte. Ohikoa da teknologia eta oinarrizko elektronika saltzeko saltoki handiak aurkitzea, Media Markt edo FNAC kasu. 

 

Produktu berriak ezagutzera eramateko, marketinga sartzen da jokoan. Honen bidez, bezeroek, gailu hori erabiltzeko beharra dutela sentiarazten saiatzen dira, mota desberdinetako estrategiak erabiliz. Marketina pertsonek gauzak erosteko duten nahia konkistatzeko modua bihurtzen da, nahiz eta horien beharrik ez izan.

4. Gailu digitalen erabilera:

Gailu berri bat dugunean ezinbestekoa da horiek ongi zaintzea hauen iraunkortasuna luzatzeko. Hala ere, arrazoi desberdinen ondorioz gailu berriak erosteko eta zaharrak baztertzeko beharrean ikusten dugu gure burua. Hiru arrazoi nagusienak hauek dira:

  1. Bateraezintasuna: gailu berriak etengabe garatzearen ondorioz, askotan gertatzen da hardware eta software elementu berriak gure gailuarekin bateraezinak izatea, gure gailu teknologikoak zaharkitua geratuz.
  2. Gailu berriago bat izatearen nahia: aurretik aipatutako marketin iragarkiekin lotuta egon daitekeen arrazoia hau izan daiteke, benetako beharrik izan ez arren produktu berrienak eduki nahi ditugu.
  3. Zaharkitze programatua: enpresa teknologikoek gailu elektronikoei jartzen dieten iraupen programatua da. Modu honetan denbora jakin batetik aurrera gailu edo elementu desberdinek lehen bezala funtzionatzeari uzten diote gure gailua motelduz edota arazo asko emanez. Ondorioz, gailu berri bat erostera bultzatzen gaituzte enpresa teknologikoen produkzioa etengabe jarraituz eta kontsumismoa bultzatuz.

5. Zabor elektronikoa:

Zer gertatzen da botatzen edota erabiltzen ez ditugun gailuekin? Zabor elektroniko bihurtzen dira.

 

Urtero 50 milioi tona zabor elektroniko baino gehiago sortzen dira. Hiri askotan, zabor elektronikoa birziklatzeko guneak daude. Atal honetan ordenagailuko elementu guztiak sartuko genituzke. Birziklapenean espezializatutako enpresek piezak bereizteko hainbat prozesu ezarriko dizkiete gailuei, beste makina batzuetan berrerabil daitezkeen elementuak berreskuratzeko, eta arreta berezia jarriko dute metal preziatuak (urrea, zilarra eta platinoa) eta aurrerago saltzeko beste metal arraro batzuk berreskuratzeko.

 

Hala ere, erabiltzen diren ordenagailu asko beste leku batzuetara bidaltzen dira, batzuetan donazio moduan, eta, orduan, prozesu hori Txinan, Ghanan, Kolonbian eta zabor elektronikoko zabortegi handiak dauden beste herrialde batzuetan bizimodua atera nahi duten pertsonek egiten dute. Zein da honen ondorioa? Pertsona askok zabortegi horietan bilatzen dutela inongo segurtasun neurririk erabili gabe, minbizia edo arnas gaixotasunak edukitzeko arriskuan egonda. Gainera, ingurune naturala kutsatzen da baita ere zabor elektroniko horiek dituzten elementu kutsakorren ondorioz.