Logotipo TwitterLogotipo Instagram

“Gure lana teknologiaren erabilera osasuntsu eta kontziente bat bultzatzea da”

Teknologia gure egunerokotasunaren partea da; eta, hala ere, gutxi dakigu horren atzean dauden aukera eta arriskuen inguruan. Horixe landu nahi dute Iker Rodriguez de los Frailes eta Mattin Solis Uitzi pedagogoek “Hezkuntza teknologikoa: teknologiari buruz ikasi ez duzuna” ikastaroan. Eibarren izango da, martxoaren 6an eta 27an. Izena emateko epea irekita dago.

Zer da teknologiari buruz orokorrean ikasi ez duguna?

Teknologiari buruz hitz egiten dugunean, eta kasu honetan teknologiaren gaiari buruzko formakuntzari buruz, ia gehienetan bere irakaskuntza instrumentalean zentratzen gara, hau da, baliabide teknologiko jakin batek nola funtzionatzen duen erakustera bideratzen da formakuntza. Modu honetan, bigarren maila batean geratzen da teknologia eta baliabide digitalen inguruko ezagutza ez-instrumentala; hau da, guk landu nahi dugun hezkuntza eredu kritikoa. Gure kasuan, korporazio teknologikoek egunerokotasunean erabiltzen ditugun baliabide digitaletan duten eraginaren inguruko hausnarketa bideratzea da asmo nagusia, teknologiaren inguruko hezkuntza kritiko hori sustatuz. Horrekin batera, garrantzitsua iruditzen zaigu korporazio teknologiko desberdinek euren bezeroekin (gurekin) izaten duten jarrera nolakoa den erakustea. Nola lortzen dute dirua korporazio teknologiko hauek euren doako aplikazioetatik? Uste dugu garrantzitsua dela jendea honen inguruan kontziente egitea, eta hori da gure asmoa.

Zein hutsune daude hezkuntza teknologikoan?

Askotan erakusten digute baliabide desberdinek nola funtzionatzen duten: Googlen bilaketak nola egiten diren, bideoak editatzeko aplikazio batek nola funtzionatzen duen, hodei kolaboratibo batean lanak nola partekatzen diren… baina ez digute erakusten horien atzean dagoena zer den. Guk teknologiarekiko pentsamendu kritiko eta holistikoa landu nahi dugu. Gure helburua litzateke jendeak gogoeta egitea benetan aplikazio edo tresna digital batzuk benetan erabili behar ote dituzten edo ez. Honekin batera, eskuragarri ditugun baliabide alternatibo desberdinak zeintzuk diren erakustea ere garrantzitsua dela uste dugu. Modu honetan, norberaren behar eta interesetara egokitzen den aplikazioa zein den aukeratzeko askatasuna eskaintzen zaiolako jendeari. Askotan, gertatzen dena da, ez dugula aukerarik izaten zein aplikazio erabili nahi dugun erabakitzeko. Eskola askotan, adibidez, Googleko baliabideak erabiltzera behartzen dituzte ikasleak, dauden aukerak zeintzuk diren erakutsi gabe.

Honekin batera, korporazio teknologiko handiek oso ongi egiten dute euren lana; hau da, bezeroak euren aplikazioen menpe edukitzea lortzen dute, euren etekinak ahalik eta handienak izan daitezen. Gure lana, honekin lotuta, teknologiaren erabilera osasuntsu eta kontziente bat bultzatzea da ere, menpeko jarrerak kontrolatu ahal izateko.

Nagusiak teknologian analfabetoak eta haurrak heldugabeak…

Nagusiak askotan kontsideratzen dira teknologia berrietan analfabetoak eta gazteak, aldiz, natibo digitalak. Gazte asko teknologia eskuan dutela jaio dira; eta, horregatik, oso trebeak dira hauek maneiatzen, hau da, ongi moldatzen dira. Baina, esan bezala, teknologiaren erabilerak ez du alderdi praktikoa bakarrik hartzen; gure ustez gauza gehiago sartzen dira bertan.

Gure ikuspuntuaren arabera, bi adin-tarte hauetan arazo berdinera heltzen gara: teknologia berrien atzean dagoen guzti horren inguruko ezagutza falta horretara. Horregatik, berebizikoa ikusten dugu gai honen inguruko lanketa orokor bat egitea, bai helduei zuzendua, baina baita gazteei zuzendua ere. Baliabide alternatibo seguruak, menpekotasunezko jarreren aurrean eman beharreko urratsak, korporazio teknologikoen jokatzeko modua… Uste dugu adin guztientzat baliagarriak eta erabilgarriak diren gaiak direla.

Enpresa pribatuen menpe gaude, tresna jakinen menpe…

Hori da zehazki landu nahi duguna. Gure helburua jendea horren inguruan kontziente egitea da. Denok jakin beharko genuke zer dagoen korporazio teknologiko handi baten zerbitzu-baldintzak onartzearen atzean. Korporazio teknologikoak, eta euren aplikazio eta guneak, publizitatean oinarritzen den negozio eredu batean oinarritzen dira. Marka desberdinek ordaindu egiten dute beraien iragarkiak sare sozial edota gune horietan ager daitezen. Bestetik, erabiltzaileen jarduerak neurtzen dituzten algoritmoak ere sortzen dituzte, euren gustuetara egokitutako edukia eskaintzeko asmoz. Izan ere, haien helburu nagusiena aplikazioen barruan ahalik eta denbora gehien egotea da; eta, horrela, iragarki gehiago kontsumitzea.

Finean, Pepe Mujikak zioen bezala, “ez da dirua gastatzen ari garena, bizitzako denbora baizik”.

Teknologia modu osasuntsu batean nola erabili genezake?

Uste dugu garrantzitsua dela, lehenik eta behin, baliabide teknologikoek nola funtzionatzen duten eta hauen atzean zer dagoen ezagutzea. Modu honetan, teknologiarekiko ikuspegi kritiko hori lantzea lortuko genuke. Gure ustez, hau alderdi garrantzitsu bat da; izan ere, ikuspegi hori jorratuz, aplikazio bat modu automatikoan ez erabiltzea lortuko genuke. Beste modu batez esanda, ez genuke aplikazio edo gailu teknologiko bat mundu guztiak erabiltzen duelako bakarrik erabiliko, baizik eta horren atzean dagoena zer den ere badakigulako.

Bestetik, aukera teknologiko desberdinek dituzten aukerak eta arriskuak zeintzuk diren ezagutzea ere puntu garrantzitsu bat dela iruditzen zaigu. Honek aukera ematen digulako aplikazio bat erabiltzeagatik zer gerta dakiguken aurreikustea.

Bukatzeko, menpekotasun egoeren aurrean eman beharreko edo horiek prebenitzeko urratsak zeintzuk diren ezagutzea beste aspektu garrantzitsu bat da. Hori da gure eskaintzan landu nahi dugun alderdietako bat.

Saio bi antolatu dituzue. Zer da zehatz-mehatz bakoitzean landuko duzuena?

Lehenengo saioa aurkezpen modura antolatu dugu, gaiari sarrera egiteko aprobetxatuko dugu. Gure helburua, korporazio teknologikoen jokamoldeen inguruko hausnarketa bideratzea izango da. Horretarako, hauek nola jokatzen duten ikusiko dugu, baita gu euren gailuetan harrapatuak geratzeko erabiltzen dituzten erakartze-metodoak zeintzuk diren ere. Honekin batera, esperimentu txiki bat egiteko eskatuko diegu partaideei.

Bigarren saioa, erabilgarria izango da ohiko korporazio teknologiko desberdinek eskaintzen dituzten baliabideen aurrean dauden alternatibak zeintzuk diren ezagutzeko. Honekin lotuta, alternatiba hauek eskaintzen dituzten aukerak zeintzuk diren ere identifikatuko ditugu. Bukatzeko, aplikazio desberdinekiko menpekotasun egoerak gainditzeko estrategia desberdinak ikusiko ditugu.

Nori zuzendutako ikastaroa da?

Gai honen inguruan kontziente diren edota izan nahi duten guztientzat. Gure asmoa, hezkuntza teknologiko eredu arruntari beste buelta bat ematea da, eta horregatik zabaldu nahi dugu mota honetako edukia eta ezagutza jendartearen artean. Egunerokotasunean erabiltzen ditugun gailu eta aplikazioen atzean dagoen “beste” alderdia ere ezagutu beharra dagoela pentsatzen dugu, horrek egingo baitigu aske benetan ze aplikazio edo gailu erabili nahi dugun erabakitzeko. Gaur egun denok erabiltzen ditugu teknologia berriak, adin txikietatik hasita adineko pertsonetaraino, horregatik uste dugu denontzat baliagarria den ikastaroa dela

Hemen duzue elkarrizketaren esteka.