Logotipo TwitterLogotipo Instagram

Malware

Definizioaren arabera, malware “malicious software” hitzen laburdura bat da, software maltzurra alegia. Horrek esan nahi du softwarea gailu bati edo haren erabiltzaileari kalte egiteko diseinatuta eta sortuta dagoela. Behin sisteman sartuta kalteak eragiten dituzten fitxategiak edo softwareak sailkatzeko erabiltzen den termino orokor bat da. Kalte hori modu desberdinetan burutzen da, askotan erabiltzailearen ordenagailuko datuak lapurtuz, datu horiek enkriptatuz edo ezabatuz, besterik gabe. Malwareak ordenagailuaren barruan funtzioak aldatzeko edo erabateko kontrola hartzeko gaitasuna ere badu, bot-etekin eta rootkitekin gertatzen den bezala.

Malwareak mota desberdinetakoak izan daitezke. Ezagunenen artean ondorengoak ditugu, nahiz eta gehiago egon:

Birus:

Birus informatiko bat malware forma klasikoa da. Zure gailuan sartzen den kode- edo programa-osagai bat da, zuk jakin gabe. Behin hara iritsita, hainbat kalte eragin ditzake, hala nola sistema moteltzea, zati espezifikoak desgaitzea edo kontrola erabat hartzea. Birus biologikoekin bezala, sare eta gailuen bidez automatikoki hedatzeko diseinatuta dago.

Harrak:

Bere burua bikoiztu, ugaldu eta sarean zehar bere kabuz heda daiteken malwarea da. Sarean zabaltzen da, ahultasunak ustiatuz beste ekipo batzuk infektatzeko. Birusekiko desberdintasun nagusia da birusak lehendik dauden fitxategiei “itsasten” zaizkiela, eta harrek, berriz, beren artxiboak sortzen dituztela, eraso egiteko.

Troiako zaldia:

Malware mota hau programa arrunt baten itxura emateko sortu da. Beraz, erabiltzaileak konbentzitzen ditu ordenagailuan eurek nahi dutena instalatzeko. Behin instalatu eta exekutatu ondoren, Troiako zaldiaren antzera, sortu zen funtzio maltzurra betetzen has daiteke, mugikorreko datu pertsonalak lapurtzea, adibidez. Birusak eta harrak ez bezala, Troiako zaldiak oso gutxitan saiatzen dira ugaltzen eta hedatzen.

Rootkits:

Rootkit bat sistema aldatu eta bertara beste sarrera bat sortzen duen malware mota bat da, erasotzaileek urrutiko kontrola izan dezaten, detektatuak izan gabe. Infektatzen zaituen fitxategi horri esker, sistemaren kontrol osoa izan dezakete. Gainera, ordenagailuaren sisteman beste malware bat dagoela ezkutatzeko erabiltzen da.

Ransomware:

Bere izenak dioen bezala, ransomwarea erabiltzailearen ordenagailuko datuak bahitzeko sortutako software bat da. Softwarea biktimaren datu pertsonalak enkriptatzeko diseinatuta dago. Orduan, malwarearen sortzaileek dirua eskatzen diote erabiltzaileari datuak desenkriptatzeko.

Spyware:

Izenak berak dioen bezala, spywarea ordenagailu edo gailu batean dagoen informazio guztia bildu eta beste batera transferitzen duen softwarea da. Informazio hori gure baimenik gabe lapurtu eta bidaltzen da beste gailu batera. Informazio pertsonala biltzen du, hala nola nabigazio-historiala edo erabilera-ohiturak. Normalean, spywarea beste software batean sartzen edo kamuflatzen da, eta ohikoa da filmak edo musika deskargatzeko orrien bidez kutsatzea.

Adware:

Adwarea zure ordenagailuan edo gailuan publizitatea erakusteko, zure gustuei eta bisitei buruzko informazioa biltzeko edo bilaketak publizitate-webguneetara birbideratzeko softwarea da. Iragarki hauek ugariak izaten dira eta ordenagailuko edo mugikorreko pantailan etengabe azaltzen dira, molestatzera heltzeraino.

Keyloggers:

Erabiltzaileak sakatutako teklak biltegiratzen dituen softwarea da, informazio konfidentziala atzemateko balio duena, hala nola pasahitzak, kreditu-txartelaren zenbakia edo txat-elkarrizketak. Ez da oso erabilia, izan ere, normalean ez dira gai teklatu birtualekin behar bezala funtzionatzeko, hala nola, mugikorrekin edo tabletekin.

Nola sahiestu ditzakegu?

Malwareen kontra borrokatzeko edota hauek ezabatzeko modu hoberena antibirus bat instalaturik edukitzea da. Hauek automatikoki gure sistema eskaneatu eta malwareak detektatu eta ezabatzen dituzte. Antibirusen funtzioa gailuan malwareak instalatu baino lehen egiten den prebentziorako ere balio dute, ez bakarrik behin malwarea instalatuta edukita izan ondoren.

Zer egin gure mugikorra edo ordenagailua infektatuta baldin badago?

Ba, esan bezala, erantzuna argia da, antibirus bat instalatu. Baliabide hauek gailuaren sistema eskaneatu, malwarea detektatu eta hura ezabatzen dute. Horretaz gain, aurretik aipatutako prebentzio lana ere egiten dute. Ziurtatu antibirus on bat instalatzen duzula, izan ere, kasu askotan, dagoeneko instalatuta dagoen malwarea ezabatzeaz arduratzen dira bakarrik, prebentzio lanik egin gabe. 

 

Hala ere, birus edo malware batek infektatu bazaitu, gure gailua babestuko duen antibirus bat ez ezik, gailu osoa garbitzeko gai den bat ere bilatuko behar dugu, gure gailua etengabe seguru mantentzeko etorkizunera begira.