Logotipo TwitterLogotipo Instagram

Menpekotasuna

Mundu digitala, sakelakoak eta sare sozialak ezinbesteko parte bihurtu dira mundu osoko pertsonen eguneroko bizitzan. Hala ere, datuen erabilera txarraren itzalak bere horretan dirau. 

 

Gailuen gehiegizko erabileraz ari gara teknologiaren erabilerarekiko neurrigabeko joera gertatzen denean eta gure askatasuna mugatzen duenean, horrek eragiten duen menpekotasun handiagatik. Teknologia berez ez da kaltegarria, baina bai horren aurrean egiten den erabilera, maila pertsonalean eta sozialean aldaketa negatiboak dakartzan ohitura batean bihurtzen denean.

 

Gauzek ondo sentiarazten gaituztenean, maizago egiten ditugu. Denboraren poderioz, automatikoa bihurtzen da, hau da, ohitura. Gure ‘memoria muskularrak’ gure zelularren etengabeko txekeo hori betikotzen du, nahiz eta erabilgarria ez izan eta dagoeneko hain ondo sentiarazten ez gaituen. Ezaguna egiten zaizu sentsazio hauetakoren bat?

  • Tik-a: zure mugikorrari begiratzeko premia sentitzen duzu, duela hamar minutu begiratu zenuen arren?… beno, duela 30 segundo?
  • Ziztada: harridura eta urduritasuna sentitzen duzu mugikorra etxean utzi zenuelako? Hori ziztada da.
  • Bibrazio-mamua: Zure mugikorra bibratzen sentitzen duzu baina benetan zure irudipena izan da?
  • Hasperen jeloskorra: Pertsona gehiegi dituzu inguruan bere kokapenaz inbidia (leku berrietan ‘check-in’ egiten dutenak) eman nahian? Edo zurekin daudenean mugikorra kanpoan “badaezpada” uzten duten pertsona gehiegi dituzu?

Sentsazio horiek guztiek erakusten dute gure mugikorrak gu erakartzeko diseinatuta daudela. Telefono adimentsuak (smartphonak) dibertigarriak eta erabilgarriak dira. Baina erakarpenerako tresna ahaltsuak ere badira.

 

Badira moduak gailu teknologikoekiko menpekotasunik duzun edo ez jakiteko. Hona hemen menpekotasuna duzun ala ez jakiteko hainbat adierazle:

  • Mugikorra etengabe begiratzea eta hori egitea lehentasuna bilakatzea (beste gauzak egitea alde batera utziz).
  • Mugikorrik gabe etxetik atera ezin izatea.
  • Mugikorra eduki gabe bibrazioak sentitzea.
  • Loaren alterazioa, mugikorra erabiltzeko beharrarekin lotua eta pantaila aurrean etengabe egotearen ondorioz.
  • Sare konexiorik gabeko guneetan egoteagatik ezinegona.
  • Pertsonarteko erlazioetan zailtasunak, nahiago izaten da mugikor baten bidez komunikatzea modu presentzialean baino.
  • Mugikorra ez inoiz itzaltzea eta hura erabili ezin den kasuetan urduri eta erasokor jartzea.

Gailu digitalak gure artean zabaldu eta normalizatu zirenetik denbora gutxi igaro da, eta hainbat ondorio atera dira menpekotasunak eragiten dituen kalteen inguruan. Haurrengan, adibidez, hitz egiteko gaitasunean eragiten du, atzeratu egiten baitie epe hori. Garapen kognitibo eta eskola errendimenduari zuzenean eragiten dio. Gailu teknologikoetan guk nahi dugun guztia klik bakarrera izaten dugu, ondorioz, ezinegona areagotzen du erabiltzaileen artean, gauzak momentuan eduki nahi izateagatik. Bukatzeko, obesitatea eta lo ezintasuna ere eragiten ditu.

 

Hala ere badira menpekotasun honi aurre egiteko eta aurre hartzeko hainbat urrats.

  • Zure burua ezagutu. Ohartu zaitez zure mugikorrarekin duzun harremanaz. Egun arrunt batean, arreta jarri zure mugikorra nola eta zergatik erabiltzen duzun jakiteko.
  • Erabili abisu fisikoak jarraipena egiteko. Sortu “zergatik orain?” edo “aska nazazu” estiloko ohar batzuk. Atera argazkiak eta jarri mugikorraren idazmahaiaren hondo gisa. Beraz, sakelakoa hartzean ikusiko duzun lehenengo gauza abisu hori da. Space (‘Espazioa’) aplikazioa ere proba dezakezu, zure mugikorrean aplikazio bat irekitzeko 10 segundotan kargatzen duena. Atseden horrek astia ematen dizu zure ohiturez jabetzeko eta zure ‘pilotu automatikoa’ lasaitzeko.
  • Otorduetan eta lo egin baino lehen gailu digitalen erabilpenari uko egin.
  • Lekuz aldatu. Esnatzean eta oheratzean egiten duzun lehen gauza mugikorra begiratzea da? Bazkaltzen zaudenean mahai gainean jartzen duzu? Lanera zoazenean berrikusten duzu? Zure mugikorrarekiko distantzia fisiko bat ezar dezakezu, horren ondorioz distantzia emozional bat errazteko. Ohetik urrun kargatu, lanean zabiltzanean saski batean gorde, ahal baduzu, utzi etxean noizean behin. Aukera on bat ere bada logelan inongo gailu digitalik ez edukitzea.
  • Jakinarazpenak desgaitu. Aplikazio ezberdinen jakinarazpenek zure mugikorraren pantailan etengabe agertzen badira eta zure arreta lapurtzen badizute, hauek desgaitu. Horretarako aplikazio bakoitzean “jakinarazpenak desgaitu” botoia sakatu beharko duzu.
  • Zure pantaila kolore grisetara aldatu. Pantaila koloretsuek mugikorrarekin denbora gehiago pasatzera erakartzen gaituzte. Jarri tonu grisa pantailari eta begiratu ea aste honetan gutxiago begiratzen duzun.
  • Ez erabili pantailak ‘lasaigarri’ gisa itxaroten egon behar duzun egoeretan, hala nola medikuan, autobus geltokian eta abar.
  • Aplikazioak mugatu. Zure helburua Facebook-en, Instagram-en edo TikTok-en denbora gutxiago pasatzea bada, aldatu aplikazioen ezarpena eta baimenak, zure beharretara egokitu daitezen.
  • Pentsatu egiten duzuna. Aplikazio berri bat instalatzen duzunean, begiratu zu pantailara itsasteko erabiltzen dituen trikimailuei. Kontziente izan!
  • “Kontzentrazio-denbora” erritualak prestatu. Zure mugikorra isiltasunean edo bibraziorik gabe ipintzeak jakinarazpen edo dei bat jasotzen duzunean zure arreta galaraztea ekidingo du. Era berean, mugikorra mahai gainean ipintzeko ohitura baduzu, probatu honi buelta ematea buruz behera egon dadin. Beste metodo batzuk zure telefonoa itzaltzea edo fisikoki telefonoa urrun jartzea (bai kaxa batean, zure poltsan,…) izan daitezke. 
  • Partekatu eta animatu. Zure lagun eta familiari aholku hauek aurrera eraman nahi dituzula komentatu, haiek lagunduko baitizute. Are gehiago, haiek zurekin teknika hauek lantzera animatu!

Guzti hau landu ondoren, jakin beharra dugu gailu teknologikoek eta zehazki mugikorrek, asko erraztu digutela gure bizimodua, gauza askotan lagungarriak egiten zaizkigun baliabideak direlako. Hala ere, dena aldatzen da horien inguruko gehiegizko erabilera bat egiten dugunean, izan ere, baliabide digitalak oso lagungarriak dira, horien erabilera egokia egiten denean. Pantailen aurrean denbora asko igarotzen dugunean ez gara gure inguruan gertatzen diren gauzetaz ohartzen, arreta pantailan jarria dugulako. Gure inguruari, bizitza errealari, balio gehiago eman eta gertatzen diren gauzetaz jabetzea ere ongi dago, eta horretarako, burua altxa behar da. Ingurukoekin harremanak mantentzea gure pertsonarteko gaitasunak garatzen eta ingurua hobeto ezagutzen laguntzen digu. Pantailaren aurrean egoteak errealitatetik kanpo dagoen beste dimentsio bat bizitzera eramaten baitigu. Bizitzak aurrera jarraitzen du pantailari begira denbora guztia pasatzen dugun bitartean, eta bizitza errealean galdutako denbora hori ezin da berriro berreskuratu.